XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. ELEMENTU ETA SUBSTANTZIA KIMIKOAK Zuk egin duzun experientzia hori, aintzin-aintzinetik zientzilariek egin ohi dutenaren itxura baino ez da izan.

Ez ezazu pentsa konposatu bat osatzen duten elementuak bereiztea zuk egin duzunaren bezain erraza denik, zeren eta HIPAZ izeneko hori ez bait zen elementuen konbinazio bat, NAHASTE bat baizik (babarrunak, lentejak eta arroza elkartuko bagenitu bezala).

Baina experientzia horrek irakurketa eta ondoren emango dizkizugun kontzeptuak hobeto uler ditzazun balioko dizu.

Irakur eta ikas: Naturan substantzia asko dago, miloia baino gehiago, eta hauek elementuen konbinazioz osatzen dira.

ELEMENTUA BESTE SUBSTANTZIATAN DESKONPOSATU EZIN DAITEKEEN SUBSTANTZIA DA.

GORPUTZ SINPLEAK ERE DEI GENIEZAIEKE.

ELEMENTU BAT BAINO GEHIAGOZ OSATUTA DAUDEN SUBSTANTZIEI GORPUTZ KONPOSATUAK DEITZEN DIEGU.

Aintzin-aintzinetik gizona gorputz konposatuetan parte hartzen duten elementuak ezagutzen saiatu da.

Grekoek izan ziren, izan ere, gai hauetaz interesatu ziren lehenak.

Hasera batean, eta Aristotelesen teoriaren arabera, zeuden substantzia guztiak hauetako lau elementuez zeudela osatuta pentsatzen zuten: Airea, Sua, Lurra eta Ura.

Elementu hauek, neurri handiago ala txikiagoan, materiaren konposizioan parte hartzen zuten, neurri horren arabera halako ezaugarri jakin batzuk bereganatzen zituztelarik.

Eraberean gizonen, animalien eta landareen konposizioan parte hartzen zuten osagai eratzaileak ziren.

Dena den, kopurua eta elementuak mugatzerakoan oker ibili baziren ere, Grekoek ulertu edo somatu zuten gorputz guztiak elementuz zeudela osatuta eta elementu horiek ZATIEZINAK zirela, hau da, ezin zirela beste soilagoetan deskonposatu.

Geroago, Erdi Aroan eta Berpizkunde garaian, nagusitu ziren mendebaldeko teoria islamikoen eraginak zirela bide, aurrerapen handiak egin ziren arlo honetan.

Alkimistak agertu ziren (Alberto Magno, Ramon Llull, Roger Baēcon, Paracelso) eta nahiz hauek aurkikuntza handiak egin, nola elementu batzuren ezaugarriak ezagutu, elementu berriren bat aurkitu, destilazio teknikak hobetu, etab., aurkikuntza hauek ugariagoak izan zitezkeen, Harri filosofalaren aurkikuntza eta antzeko beste teoria itsuen eraginpean egon ez balira.